XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta ukatu ezinekoa da, erlijioak garrantzi handia izan duela euskal kultura tradizionalean.

Beraz, kulturaren azterketa kritika eta estudioa egiten duen Unibertsitatean, erlijioaren fenomenoak bere lekua beharko luke; Euskal Herriari eta euskal kulturari dagokion.

Unibertsitatea baldin bada behintzat.

Baina erlijioaren zientziarik ba ote?

ERLIJIOAREN FENOMENOA ETA ERLIJIO ZIENTZIAK

Bada Fisika, fenomeno fisikoak estudiatzen dituena: Zientzia da.

Bada Ekonomia fenomeno ekonomikoak estudiatzen dituena: zientzia da.

Fisikak nahiz Ekonomiak beren lekua dute Unibertsitatean, Fisikaren Fakultatea eta Ekonomiaren Fakultatea ezagutzen ditugu.

Biak izan ohi dira Udako Euskal Unibertsitatean ere, nolabait behintzat.

Baina erlijioaren fenomenoaren estudioa egingo duen zientzia espezifikorik ez da landu oraindik.

Erlijioa estudia daiteke Antropologiaren edo Etnologiaren aldetik, Psikologiaren aldetik, Soziologiaren aldetik Historiaren aldetik Filosofiaren aldetik.

Baina oraindik erlijioaren fenomenoak ez du nahiko autonomia lortu bere zientzia autonomoa lantzeko eta eratzeko modukoa: metodologia berezia eta propioa izango duen zientzia autonomoa, halegia.

Horregatik, erlijioaren zientziak aipatzen dira.

Zientzia asko bateratzen dira fenomeno berbera ikuspegi ezberdinetatik aztertzeko.

Orduan, fenomeno hori aztertzen duten zientzien artean Institutu bat sor daiteke: Erlijio zientzien institutua, halegia.

Oraingoz behintzat honelako Instituturen baten premia dago Euskal Herrian.

Horrelakorik ez dagoelako, Udako Euskal Unibertsitatean ere zaila izan da Erlijioaren saila sortzea eta eratzea.

Erlijioaren inguruan sortu da, bai, zientzia autonomo bat: teologia da.

Baina teologia konfesionala edo interkonfesionala da berez.

Bere metodologia fedean oinharritzen da.

Fedearen inguruan eratzen eta lantzen den gogoeta sistematikoa da Teologia: gogoeta sistematikoa eta logikoa delako, deitzen zientzia teologia.

Goenagak ez du eskatzen Euskal Unibertsitatean Teologiari ere lekua egitea.

Teologiak ba du bere lekua, kulturaren barruan; baina leku oso berezia da.

Beste erlijio zientziei beren lekua ematea eskatzen da.

Eta horretan ni ados nator Joan Jose Goenagarekin.

Horretarako, uste dudanez, erlijio fenomenoaz kezkaturik dabiltzanak elkartu beharko dute; beraiek antolatu beharko dute erlijioaren saila Udako Euskal Unibertsitatean.

Eta ez litzateke sail bazterrekoa izango.

Soziologoek, antropologoek psikologoek, filosofoek, historiagileek eta teologoek ere bai eskuhartu beharko lukete horrelako sailean.

Baina teologoak ez dira aurrenak, teologo direlako behintzat.

ERLIJIOAREN ZIENTZIAK ETA ERLIJIOAREN KRITIKA

Zientziak berez izan behar du kritikoa.

Erlijioaren zientziak ere bai.

Dogmatismoak ez du balio zientzia jatorra egiteko.

Erlijioaren fenomenoa zientzia batetatik edo bestetatik aztertzeko ez dago erlijiosoa izan beharrik; marxismoa aztertzeko marxista izan beharrik ez dagoen bezala.

Inoiz entzun izan diot lagun bati hauxe esaten, Hiztegi tekniko batean parte hartu behar zuela adieraztean: Hiztegi marxismoari buruz artikuluren bat idatzi behar baldin bada, marxista izan beharko du idazleak; ala onhartuko al zenukete, kristautasuna eta erlijioa bera fededunon monopolio bihurtu izan dugu sarritan. Baina konturatu beharra daukagu kristautasuna eta erlijioa fenomeno soziologikoa, historikoa, psikologikoak, etab. direla. Marxismoa berdin; soziologoa, historigilea eta psikologia marxista ez baldin badira ere.

Goenagak arrazoina du, beraz erlijioaren fenomenoa laikoen eta erlijioaren kontrakoen eskuetan uzteko gauza izan behar dugula esaten duenean.

Aldi berean, fededun edo erlijiodun ez denak onhartu beharko luke, fededuna ere gauza dela erlijioaren zientzia kritikoa egiteko, beronen fedea edo dogma aparte.

Teologia ere kritikoa da, bereziki bere oinharri bezala fedea jartzen baldin badu.

Hain zuzen ere, fedea da erlijio forma eta adierazpide guztien kritikatzailerik zorrotzena.

Sustrai-sustraian du, beraz, teologiak, bere indar kritikoa.

Euskal Unibertsitatea Unibertsitate publikoa nahi da.

Baina, hain zuzen ere, instituzio publiko honetan, erlijioaren fenomenoak bere leku publikoa behar duela uste dut, erlijio zientzien Institutu bezala edo.

Garai batetan, teologia beste zientzien guztien gailurrean erregina bezala jarri ohi zuten: kristianitatearen garaiak ziren.

Joanak dira garai haik, Jainkoari esker.

Orain kultura sekulartuan bizi gara.

Baina erlijioaren fenomenoa hortxe bizi da, gure kulturaren sail bezala gutxienez.

Erlijioa ez da Teologiaren monopolioa; beste hainbat zientzia laiko, kritiko eta sekulartuek aztertzen dute, beste hainbat gairekin batera.

Horregatik, Euskal Unibertsitatean erlijioak ez luke bere barruti itxia ukan behar; beste guztien artean sail irekia izan beharko luke.